Mangosuthu Gatsha Buthelezi printzea (Mahlabathini, Natal probintzia, 1928ko abuztuaren 27a - Ulundi, 2023ko irailaren 9a) hegoafrikar politikaria eta zulu printzea izan zen.
Zulu errege familian jaio zen eta hiru errege zuluren lehen ministroa izan zen. Apartheid garaiko politikari beltz nabarmenetako bat izan zen. KwaZulu bantustanaren agintari eta menderatzaile absolutua izan zen 1977an sortu zenetik 1994an abolitu zen arte. 1975ean Inkatha Freedom Party alderdi politikoa sortu zuen.
Apartheidaren aurka agertu zen publikoki, eta Nelson Mandelaren askapenaren alde borrokatu zuen, baina Afrikako Kongresu Nazionaleko kideek gogor kritikatu zuten borroka armatua eta erregimenaren aurkako zigorrak bezalako gaietan izan zuen moderazioagatik. Erregimenaren dirua onartu zuen Inkatha armatzeko eta indarkeria bultzatzeko 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Hasieran 1994ko hauteskundeak boikotatu zituen arren, azkenean horietan parte hartu zuen. Hegoafrikako gobernuko Barne Arazoetako ministroa izan zen 1994tik 2004ra. Bere alderdia KwaZulu-Natal probintzia berritik kanpo hedatzen saiatu zen, eta 2019an Inkathak botoak galdu ondoren, buruzagitzatik erretiratu zen.
1964an Cetshwayo errege zulu bere arbasoaren papera antzeztu zuen Zulu filmean.